XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azken bilduma honek Jon Miranderen literaturako alderdi garrantzitsu bat du ardatz: istorio izugarri eta umore beltzerako jitea.

Baieztapen hau bermatzera datoz Miranderen gustu literarioak: Poe, Saki, Kafka...

Gabriel Aresti, Jon Etxaide eta Orixeren garaikide, Jon Mirande erabat bazterturik bizi izan zen bere garaian.

Baztertua bera, pertsona bezala, bere jokabidea eta ideologiagatik; baztertua, baita, bere obra argitaratzeko eta aintzat hartua izateko oztopoengatik.

Gaur egun, halere, euskarazko prosaren gailurrean kokatzen da Mirande, zalantzarik gabe.

Eresi kantari umorezko ipuin beltza da eta, nolabait, metaliteraturazkoa, beste obra baten errekreazio estetiko-ironikoa bait da.

Darabilen espresaera nagusia elkarrizketa da, bere mamia edo funtsa pertsonaia baten argumentazioan datzalarik.

Ipuinaren azkenaldean narrazioa ageri da, ekintza eta denboraren ibilia azkartzeko helburuaz.

EDUKINA ETA FORMA

Eresi kantari ipuinean ezkongai bi ageri zaizkigu, Gaston eta Helena: gizona aberatsa, Helena gizarte maila apalekoa.

Andregaia halabeharrez kantatzen hasi den Goizian goizik erromantzeko gertaera latzak mintzagai harturik, Gastonek bere interpretazio logiko arrazoitua ematen du kanta zaharrari buruz.

Senargaiaren bertsioa bere bizitzari aplikatzea erabaki du Helenak, erromantzean bezala ezkontza egunean bertan alarguntsa eta aberats bilakatuz.

Handinahia, diruzalekeria eta materialismorik hotzena, krudelena izan liteke gaia, ipuinaren umoreaz jabetuko ez bagina.

Izan ere, hasierako eskaintzatik (Gabriela Lohitegikoaren animari apalki barkamendu eskatuz), bukaerako perpausera arte (Dohatsu bizi izan ziren, haurrik ez bait zuten izan) istorio osoa umorezko klabean dago, gertaeren laztasuna erabat ezabatzen dela umore beltz baina guztiz finari esker.

Kontaera ipuinen era klasikoan burutua da, alegia, narratzaile orojakile batek aurkeztua eta gidatua, azken lerroetan egoera berriaren azalpentxo batez horniturik eta formula bitxi batez biribildua.

Kontaera mota honek ere badu bere urruntze funtzioa, autorea benetan ari ez delako itxura emanez, pertsonaiekin, erromantzearekin eta irakurlearekin jolastuz.

Egitura lau zatitan azal daiteke:

1. Hasierako egoera: ezkongaien eta euren harremanen aurkezpena.

2. Gastonen interpretazioa erromantzeari buruz.

3. Helenak Gastonen teoriaren aplikazioa egiten du.

4. Egoera berria: bere plana arrakastaz buruturik, Helena alargun aberatsa da orain.

Ohar gaitezen denboraren joana zein neurri desberdinetakoa den batetik bestera.

Orri kopuruaren aldetik ipuinaren mamia den bigarren zatian ipuinaren denbora kontaerarena bera da: aldikidetasuna dago; hirugarren eta laugarrenetan, berriz, izugarri azkartzen da ipunaren denbora.

Prosaren goi maila arlo desberdinetan isladatzen da: lexikoan, zernahitarako izenondo egokia aurkituz (oraindiarra, azaluts, itxurontzi...); morfologian, aditzaren erabilera aberatsean inoiz arkaikoa ere bai (damaigularik, darakuskigunaz...); sintaxian, azkenik, askotariko perpaus txertatu eta koordinatuak esku trebeaz bilbaturik.

ERITZIA

Ipuin moderno eta kreatibo baten aurrean gaudela esan dezakegu, baina baita sustrai euskaldunekoa ere.